Skip to main content
PRENTSA OHARRA

Zerbitzu publikoak udalekotzearen alde egin du Elkarrekin Podemosek, horiek kanporatzea garestiagoa delako eta eraginkortasuna galtzen delako

Koalizioak zerbitzu publiko jakin batzuen zuzeneko kudeaketa bideragarria den aztertzeko lan egingo du; hala nola etxeko arreta, garbiketa eta zaborren bilketa edo liburutegiak, enpleguari eusteko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoaz

2023/05/06

Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Alianza Verdek osatutako koalizioak gaur goizean Gasteizen egindako ekitaldian iragarri duenez, datorren legegintzaldian tokiko eta foru zerbitzu publiko jakin batzuen kudeaketa zuzena lortzeko lan egingo dute, EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten erakundeetan bultzatzen duten pribatizazioaren dinamika geldiarazteko.

Koalizioaren ustez, zerbitzu publikoak berriz udalekotzeak zerbitzu horien kalitatea hobetzen eta zerbitzu horietako langileen lan-baldintzak ahalbidetzen du, eta, aldi berean, behar bezala kudeatuz gero, herritarrentzako kostuak murrizten dira, kontratatutako enpresen irabazi pribatuak ezabatzen baitira.

Uste horretatik abiatuta, zerbitzu publiko jakin batzuen zuzeneko kudeaketaren bideragarritasun-azterketak egitea eskatuko du, hala nola etxeko arreta, garbiketa eta zaborren bilketa edo liburutegiak, enpleguari eusteko eta bertako langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoaz.

Garbiñe Ruiz Gasteizko alkategaiak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua aipatu du, aurten 2.652 familia artatzen dituena eta hiru modalitate eskaintzen dituena: oinarrizkoa, mendekotasuna eta atsedena. “Nahiz eta erabiltzaileek positiboki baloratzen duten zerbitzua izan, eta jakin badakigun teknikariek dedikazio, ahalegin eta denbora luzea ematen duten arren, baliabide horretan etengabe metatzen direla familien kexak. Eta langileek ere adierazten dute zailtasunak dituztela beren lana egiteko. Dena hobetuko litzateke, zerbitzuen kalitatea eta langileen baldintzak, kudeaketa zuzena eginez gero”, azaldu du Ruizek.

Alde horretatik, Garbiñe Ruizek gizarte-zerbitzuen kudeaketa publikoaren eredua defendatu du, alegia zerbitzu horien kalitatea bermatuko duena, zerbitzu horien merkantilizazioa lehenestea saihestuko bailitzateke. Merkantilizatze horrek, kasu askotan, zerbitzuaren narriadura, asistentzia-kalitate eskasa eta lan-baldintza txarrak dakartza eta.

Bestalde, Elkarrekin Podemoseko ahaldun nagusigai David Rodriguezek adierazi du beharrezkoa dela gaur egun ematen diren zerbitzuen zaintza eta jarraipena egitea, kudeaketa zuzena eginez, hala nola suhiltzaileen zerbitzuarekin gertatzen den bezala. "Arabako suhiltzaileen plantillak denbora asko darama parkeetan egonkortasun gabeko baldintzetan eta langile faltarekin, eta lehenbailehen zuzendu behar da hori, suteen aurrean herritarrei lan-baldintza duinak eta segurtasuna eskaintzeko".