Skip to main content
PRENTSA OHARRA

Amurrioko hezkuntza publikoa hobetzeko lau neurri proposatu ditu Leticia Jimenezek

Haurren eskoletarako zuzkidura ekonomikoa handitzea, azpiegituren egoeraren diagnostikoa egitea, matrikulazioa aztertzea eta hezkuntzaren udal batzordea sortzea proposatu du Elkarrekin Podemoseko alkategaiak 

Arabako Ahaldun Nagusigai David Rodriguezek deitoratu egin du hezkuntza lege berriak euskal eskola publikoaren papera ez indartzea, eta EH Bildu arduragabetzat jo du

Leticia Jimenez Elkarrekin Podemosen Amurrioko alkategaiak azaldu du Podemos, Ezker Anitza-IU eta Guk Bai alderdiek euskal hezkuntza publikoarekin duten konpromisoa “irmoa” dela. Hori dela eta, haurren eskoletarako zuzkidura ekonomikoa handitzea, azpiegituren egoerari buruzko diagnostikoa egitea, matrikulazioa aztertzea eta hezkuntza batzorde bat sortzea proposatu du euskal eskola publikoa “blindatzeko” itundutako hezkuntzaren aurrean. Bestalde, David Rodriguezek uste du hezkuntza legeak ez duela eskola publikoaren papera indartzen, eta EH Bilduri leporatu dio “arduragabe” jokatzea.

Hala adierazi dute gaur Amurrioko Mendiko eskolaren aurrean egindako adierazpenetan. Alkategaiak adierazi du hezkuntzarako sarbide unibertsala zerbitzu publiko baten bidez lortzea berdintasun sozialaren eskubidea eta bermea dela. Horregatik, beren programaren barruko hainbat neurri proposatu dituzte. “Laguntza ekonomiko instituzionala eskatuko dugu Haurreskoletan doako plaza nahikoak lortzeko, azpiegituren egoeraren diagnostikoa egingo dugu eta matrikulazioari buruzko azterlan bat egingo dugu. Gainera, Udal Hezkuntza Batzorde bat jarriko dugu martxan inplikatutako eragile guztiekin”, azaldu du Jimenezek.

David Rodriguezek, Arabako Ahaldun Nagusigaiak deitoratu du euskal hezkuntzaren lege berriak eskola publikoa ez indartzea. “Lege-proiektu honek ez du eskola publikoa indartzen, ez du haren balioa aitortzen, eta ez du segregazioaren aurka borrokatzen. Horregatik, ez dugu lege hau babestuko, euskal eskola publikoa eta hura osatzen duten eragileak ez direlako aintzat hartzen”. “EH Bildu arduragabe jokatzen ari da ezagutzen ez ditugun interes batzuk hezkuntza publikoaren aurretik jarriz”, ondorioztatu du.